XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Norbaitek pentsatzen edo sentitzen duen kontrakoa agertzeari deitzen diote tolesa; baina baita oihalaren bi zati, bata-bestearen gainean jartzeari ere.

Lehenengoa arriskutsua gerta dakizuke; ez ostera, bigarrena: Pare bat aurrean eta beste hainbeste atzean.

Ez da aukera txarra.

Buelo handiagoa nahiez gero, hor duzu izurra.

Amaitzeko, gauez estreinatzea pentsatzen baduzu, beltza izan dadila kolorea.

A! eta tolestura, aldiz, zuri-zuria: begiek kolore bakarra ikusi arren, oinek ikus dezaten bikoitza.

Horra bigarren aholku multzoa.

3- Une bakoitzari zer dagokion jakitea, ez da beti izaten erraza.

Hala ere, badira argitasun izpi bat edo beste denbora-oihal mugagabea bezain hilkorrak direnak.

Hauxe da bat:

Bakerik txarrena, gerrarik onena baino hobea.

Ez ahaztu, behin gerra jaioz gero, geroz eta soineko handiagoa eskatuko dizula.

Zeure odola erabiliko du, gainera, hari.

Zeure diruaz erositako fusila, jostorratz.

Alferrik izango da, orduan, txaplatak kanpoaldean edota, poltsiko ebakiak barruan jartzea.

Gerrak beti oihal gehiago nahiko du eta, horretarako, etenik gabe estutuko dizu lepoa.

Eta zer esanik ez, gerrikoa.

Mahukarik gabe utziko zaitu neguko hilerik hotzenetan.

Ama-alaben zilbor-hesteak hartuko ditu albaintzak.

Granadak, botoien lekuan.

Eta baliteke, lehenengoetan, klarionaz markatzea non josi botoi-granada hauek baina, gerora, berdin izango dio, eta, ri-ra!, ipiniko ditu denak, zabal-zabal.